Personal tools
A Network of Excellence forging the
Multilingual Europe Technology Alliance

META-NET Strategic Research Agenda for Multilingual Europe 2020

Mugarik gabeko elkar-ulertzea: hizkuntza-mugarik gabeko Europa

Europako estrategia batek hizkuntza-mugak gainditzea du helburu, Europa hurrengo IT iraultzarako prestatzeko

Europa komunikazio-krisi sakona igarotzen ari da. META-NETek iaz argitaratutako “Europako Hizkuntzak Aro Digitalean” azterketan (31 liburuki, 31 hizkuntzatarako), azaltzen da Europako hizkuntza gehienak “digitalki iraungitzeko” arriskuan daudela: ez dute informazio-teknologien behar bezalako babesik, mundu digitalean bizirauteko. Gure hizkuntza-aniztasun aberatsa gure kontinenteko kultura-ondarearen oso atal garrantzitsua da, baina, era berean, eragozpen handia da salerosketetarako, merkataritzarako eta, azken batean, Europaren integraziorako. Itzulpenean diru asko inbertitzen bada ere, gaur egun informazio baliagarriaren zati txiki bat baino ez da eskuragarri izaten Europako hizkuntza guztietan. Hiritarrek, beraz, ez dute maiz aukerarik izaten mugak zeharkatu eta gai garrantzitsuei buruz jarduteko. Finantza-krisian greziarren eta alemanen arteko komunikazioa, esaterako, tokiko hedabideetan eta politikarietan zehar igarotzen da, eta kanal horiek ez dute beti elkarri ulertzea sustatzen. Internet eta gizarte-sareak erabaki politikoak hartzeko modua erabat baldintzatzen ari diren garai honetan, EBk ez ditu aldaketok behar bezala baliatzen. Daniarrek ez dute hiritar frantsesekin eztabaidatzen energia-iturri nuklearren eta fosilen arteko abantailei eta desabantailei buruz. EBko Mediterraneoko hiritarrek ez dute nazioarteko elkarrizketarik immigrazio-politika bateratu baten ondorioei buruz, baina haien iparraldeko kideengan ere izango luke eragina.

Komunikazio-mugarik ez duen eta informazioaren, ideien eta merkataritzaren joan-etorri askea sustatuko duen Europa bat sortzeko, baina, aldi berean, aberastasun eta aniztasun kultural eta linguistikoari eutsiz, META-NETek, 34 herrialdetako 60 ikerketa-zentrok osatutako bikaintasun-sare europarrak, Ikerketa Agenda Estrategikoa (IAE) garatu du. Agendak azaltzen du hizkuntza-teknologietan oinarritutako inbertsioek onura ekonomiko handiak sortu eta kostuak nabarmen gainditu ditzaketela. Garapenak iraun duen bi urteetan, hizkuntzako eta teknologiako ehunka adituk eta inbertitzailek hartu dute parte planean. Dokumentua ofizialki ari da hedatzen, eta Europako Batzordeko, ikerkuntzako eta industriako ordezkariei aurkeztuko zaie, 2013ko urtarrilaren 25ean Berlinen (Alemania) egingo den teknologia-sinposio batean.

IAEk azaltzen du Europak bere hizkuntza- eta kultura-aniztasuna nola baliatu behar duen abantaila lehiakor gisa. Europako hizkuntza-teknologien komunitateak, bai akademikoak, bai industrialak, lehiakide gogorrak ditu teknologia eleaniztunetan, eta eginkizun garrantzitsua jokatzeko leku pribilegiatuan dago hurrengo IT iraultzean, non giza hizkuntza, ezagutza eta emozioak modu esanguratsuan batuko dituen. Apple-en Siri eta Google-en ahots bidezko bilaketa lehen pausuak baino ez dira. Pertsonen eta teknologiaren arteko komunikaziorako bide nagusia giza hizkuntza izango da hemendik gutxira. Ikuspegi hori zabaltzeko, askotariko hizkuntza, zerbitzu eta gailuetarako softwarea garatu beharra dago, merkatu handi bat sortuz. Hizkuntza-teknologiek Webean ezarritako giza ezagupen digitalizatua eskuratzeko aukera ematen dute, eta egunero pilatzen diren testu-datuak (Big Data) semantikoki bilatu, aztertu eta erabili ahal izango dituzte hainbat aplikazio berrik.

IAEk, berak proposatutako ikerketa-programa europarrean, aholkatzen du ikerketa akademiko eta industriala eta garapen-ekimenak hiru puntu nagusitan oinarritu behar direla:

  1. Hodei Hizkuntzartekoa: Itzulpen-zerbitzu orokorrak nahiz espezializatuak eskainiko dizkie Europako hiritar, enpresa eta erakunde guztiei. Zerbitzu horiek, besteak beste, itzulpen automatikoko teknologia zehatzak, sendoak eta kalitate handikoak dira, bai hizketarako, bai idatzizko hizkuntzarako; halaber, makinek bakarrik maneiatu ezin dituzten atazetarako, giza itzultzaile eta interpreteak baliatu behar dira.
  2. Gizarte Adimena eta Parte-hartze Elektronikoa: Gai horren zeregina da hiritar, erabiltzaile, bezero eta kontsumitzaile taldeen barneko eta arteko komunikazioa eta elkarrizketa sustatzeko baliabideak eta tresnak garatzea, parte-hartze elektronikoa bultzatzearren eta taldekako erabakiak prestatu, hautatu eta ebaluatzeko prozesu eraginkorragoak ezartzearren.
  3. Morroi Interaktibo Gizarte Kontzientziadunak: Gai horren helburua da morroi digital eraginkorrak garatzea, ikasi eta egokitu egiten direnak eta erabiltzailearen egoera, kokaleku eta helburu jakinetara moldatutako laguntza interaktibo eta proaktiboa ematen dutenak.

META-NETek, gainera, Hizkuntza Teknologietarako Zerbitzu Plataforma Europarra diseinatzea eta garatzea proposatzen du, hizkuntza-teknologiak erabiltzaileei eta bezeroei etengabe eskaintzeko.

“Europak itzulpen automatikoko kalitate handiko softwarea behar du, ahalik eta lasterren, Europako hizkuntza guztietarako eta Europakoak ez diren hizkuntza garrantzitsuenetarako, hizkuntza-mugak behingoz gaindituko badira. Muga horiek kaltetu egiten dute merkatu digital bakarra ezartzeko EBren epe luzeko helburua, zeren oztopatu egiten dute jakinduriaren, informazioaren, produktuen, ondasunen eta zerbitzuen joan-etorri askea” dio Hans Uszkoreit katedradunak, META-NETeko koordinatzaile eta DFKIko (Adimen Artifizialerako Alemaniako Ikerketa Zentroko) zuzendari zientifikoak. Georg Rehm doktoreak (DFKI), Ikerketa Agenda Estrategikoaren editorekideak eta META-NETeko sare-kudeatzaileak, hau gaineratzen du: “2011ko martxoko Fukushimako istripuaren ondoren, Europa osoak jardun zuen eztabaidan energia nuklearraren alde onei eta txarrei buruz, baina hizkuntza-komunitate jakin batzuen mugetan baino ez: inoiz ez da izan Europa mailako eztabaida! Guk proposatzen ditugun teknologiek aukera emango diote Europari halako eztabaidak hizkuntza-mugez gaindi izateko eta hiritarren artean identitate europarraren beste maila batera iristeko.”

2020ra arte iraungo duen ekimen koordinatu eta eskala handiko baten bidez, badago teknologia horiek garatzeko aukera; izan ere, aplikazio eta zerbitzu berriak diseinatuko dira hiritarrentzat eta, halaber, aukera berriak sortuko dira Europako IT eta hizkuntza-industriarako. Hizkuntza-komunitate txikien per capita finantza-karga handiak, hizkuntzen arteko beharrezko transferentzia teknologikoak, baliabideen, tresnen eta zerbitzuen elkarreragingarritasun faltak eta hizkuntza-mugak eta muga politikoak bat ez etortzeak herrialde batek eskain dezakeen baino erantzun globalagoa eskatzen dute. Horrenbestez, erronka handi horri Europar Batasunaren, haren estatu kideen eta herrialde elkartuen mailan heldu behar zaio, industriarekiko lotura hertsiaz. IAEk erronka horiei aurre egiteko ibilbidea prestatu du, Europako hiritar guztiei onura ekarriko diena eta munduko ekonomian eta teknologiaren merkatuan Europa buru jarriko duena.

Hizkuntza Teknologiak gaur egun

Hizkuntza-teknologiek eguneroko lanetan laguntzen digute, hala nola mezu elektronikoak idaztean edo hegaldiak erreserbatzean. Aukera ematen dute hizketa nahiz idatzizko hizkuntza prozesatzeko. Web-orrietan bilaketak egiteko eta itzultzeko erabiltzen ditugu, baita gure automobileko entretenimendu-sistemak edo gure telefono mugikorrak ahots bidezko aginduez maneiatzeko edo Interneteko denda batean aholkuak eskatzeko ere. Etorkizun hurbilean, ordenagailuko programekin, makinekin eta etxe-tresna elektrikoekin hitz egin ahal izango dugu, baita gure etxeetan eta lantokietan laster izango ditugun zerbitzu-errobotekin ere. Gauden lekuan gaudela, informazioa edo laguntza behar dugunean, eskatu besterik ez dugu egin beharko. Pertsonen eta teknologien arteko komunikazio-mugak ezabatuta, aldatu egingo da gure mundua. Hizkuntza-teknologiek aukera emango diete pertsona guztiei lankidetzan aritzeko, ikasteko, negozioak egiteko eta hizkuntza-mugez gaindi jakinduria partekatzeko, edozein delarik ere haien trebetasuna ordenagailuei dagokienez.

Gaur egun, hizkuntza-teknologietan oinarritutako sistemak metodo estatistikoetan oinarrituak dira nagusiki. Metodo horiek idatzizko eta ahozko datu kopuru izugarriak behar dituzte entrenatzeko. Bereziki nahiko hiztun gutxi dituzten hizkuntzetarako, ez da erraza behar beste datu eskuratzea. Nazioarteko enpresa handiek, hala nola Google-ek, Microsoft-ek, IBMk eta Nuance-k inbertsio handiak egin dituzte alor horretan. Europa, bere eskarmentu teknologiko, kultural eta linguistikoa dela-eta, leku ezin hobean da merkatuaren buru izateko, dagoeneko ehunka enpresa txiki eta ertain baititu teknologia eleanitzetan oinarritutako aplikazio eta zerbitzu espezializatuak garatu dituztenak.

META-NETi eta METAri buruz

META-NET 34 herrialdetako 60 ikerketa-zentrok osatutako Bikaintasun Sarea da, EBeko hainbat proiektu bateratzen dituena eta gizarte-informazio eleaniztun europarraren oinarri teknologikoak helburu dituena.